XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ANTZERKIA

Arteszena taldeak Mephisto antzezlana aurkeztuko du bihar Gaiarre Antzokian

Klaus Mann-en eleberrian oinarrituriko testuak edukin politiko handia du

P. PELLEJERO. Iruñea

Arteszena Gipuzkoako Teatro Publikoak Klaus Mann-ek idatzi eta Ariane Mnouchkinek moldatutako Mephisto antzezlanaren lau emanaldi eskainiko ditu, bai erdaraz zein euskaraz, bihar eta etzi Iruñeko Gaiarre Antzokian.

Arteszenak egin duen hirugarren ekoizpen honek nazien garaian Alemaniako gorabeherak bizitzen dituen aktore baten goraldia eta portaera kontatzen ditu etikari buruzko hausnarketa eginez.

Mephisto joan den urtarrilean estreinatu zen Bilboko Arriaga Antzokian Pere Planellaren zuzendaritzapean.

Iruñeko aurkezpena bertako Udala eta Nafar Gobernuko Hezkuntz Departamentuari esker izan da posible.

Talde gipuzkoarrak Ertaineko Irakaskuntzako ikasleendako bi saio emanen ditu bihar eta etzi goizeko 11etan.

Horrez gain, Arteszena taldeak jende guztiari zuzendutako euskarazko bertsioa bihar taularatuko du arratsaldeko 8etan, eta erdarazkoa etzi ordu berean.

Sarreren salneurria 600 eta 1.000 pezeta bitartekoa izanen da.

Maribel Belastegi Arteszenako zuzendarietako batek atzo emandako prentsaurrekoan azpimarratu zuenez, Mephisto lana giza konpromezuzko antzerki esparruan kokatzen da.

Talde publikoa izaki, gure erizpideetako bati jarraitu diogu lan hau aukeratzerakoan eta erizpide hori giza konpromezuarena da.

Gaur egun, antzerkigintza beste bide batetik dihoa, talde pribatuek komediari ekiten baitiote.

Guk jokaera hori errespetatuz, bide horretatik aldendu nahi izan dugu gizartearen hausnarketa bat sortarazi nahian.

Gaur egun, talde pribatu batentzat asmo hori luxu bat izanen litzateke.

Ustelkeria

Mephistok arrakastaren truke bere burua Alderdi Naziari saltzen dion pertsonaia bat erretratatzen du.

Belastegiren esanetan, antzezlanak edukin politiko handia du, obraren bitartez, pertsona batek gertakarien aitzinean izan dezakeen bilakaera erakusten baita.

Lanak ustelkeriari buruz hitzegiten du, baina ez gizartearen gaitzat hartuta, baizik eta pertsonalizatuz, edozein pertsonak sufritzen duen ustelkeria ideologikoa, politikoa, etikoa eta estetikoa banakatuz.

Mephisto antzezlana muntaketa handi horietakoa da, aktore eta teknikarien artean guztira 35 lagunek parte hartzen dute eta.

Aktoreen hautaketa-prozesua ardura handiz egin zen, hiruzpalau entzuketa saioak burutu behar izan baitzituen Pere Planella zuzendariak.

Aktore guztiek elebidunak izan behar zuten eta ezinbestekoa zen euskara erdara bezain ongi menperatzea.

Honek zailxeago egiten du hautaketa, esan zuen Maribel Belastegik.

Antzezpenak bi ordu t'erdi irauten du eta testuaren egitura jarraian gertatzen diren 23 eszenatan garatzen da.

Arteszenak gogoratu zuenez, Mephisto Espainiako Estatuan estreinatu gabe zegoen, nahiz eta Bertold Brech-ez geroztik Europako antzerkiak egin duen antzerki lanik onenetakoa izan.

LUXU BAT

Ez da ja ere arrunta gaur egun Mephisto bezalako antzerki muntaketak ikustea, biziki garestiak direlakoz, jende anitzek parte hartzen baitu.

Kasu honetan, gainera, oso komertziala ez den gaia taularatzen da.

Horregatik, Kike Diez de Rada eta Elena Irureta aktoreek luxutzat jo zuten atzo antzezlan hau.

Bestalde, bi aktoreek Pere Planella zuzendariaren lana azpimarratu zuten, esperientzia handiko gizona baita antzerkigintzan.